domingo, 30 de noviembre de 2008

Betiko arau-haustea


Kuriosoa da gero egunkari bakoitzak erabili dituzten iturriak esateko era. Azken orduko berri batekin frogatu dugu guk. Ertzaintza Amorebietan egiten ari den miaketen berri, El Mundori inork ez dakien (edo jakin ezin dezakegun) norbaitek eman dio nonbait; Diario Vasco aldiz, Jaurlaritzaren Barne Sailak ohartarazi du.

Unibertsitatean hainbeste aldiz errepikatutako arau hau, askok ez dute gustoko antza, nahiago dute azken albistea beren esklusiba izatea. Baliteke ordea, El Mundokoek beste egunkari batetik hartu izana berria; baina honelakoetan informazioa jaso dugun hedabidea aipatu beharra dagoela esaten digute behin eta berriz.



Albistea

Guztira 195 hildako eta 295 zauritu utzi dituen eraso oldea Pakistango muturreko erakunde islamiko baten ekintza izan dela susmatzen du Indiak, hangoa baita atxiloturiko ekintzaile bat

Indiako segurtasun indarrek atzo menderatu zituzten Bombay hirian asteazken arratsetik hasita eraso olde odoltsua egin zuten ekintzaileak. Ia hiru egun iraun duten atentatu eta borroken balantzea ikaragarria da: 195 lagunek bizia galdu dute -tartean 27 atzerritarrek- eta 295 zauritu dira.

jueves, 27 de noviembre de 2008

Hitzak, kontuz erabili beharrekoak

Gaizka Etxeberria, hilaren 11tik desagertua dago. Horren harira, atzokoan hiru gazte atxilotu zituzten, eta hildako bat aurkitu zuten lurperatua. Gaur Gararen eta Berriaren edizio digitaletan ageri diren albisteak kontraesanak agertzen dituzte.
Garak, Gaizka Etxeberriaren desagertzearekin harremana dutelakoan atxilotu dituztela hiru gazte argitaratu du eta hildakoa Etxeberria den ala ez dakitela gaineratu du.
Berriak, bestalde, hiru atxilotuak hilda agertu den pertsonaren hilketarekin harremana dutelakoan atxilotu dituztela argitaratu du. Eta hildakoa Etxeberria den ez dakitela gaineratu du.
Hori guztia irakurrita, Gaizka Etxeberria ala hilda agertu den pertsonagatik atxilotu dituzte gazteak? Bi pertsona ezberdin izan daitezke.
Hitzak kontuz erabili beharrekoak dira, bestela esan nahi ez dena esan baitaiteke.

Beti berdin

Europako Kontseiluak presoen eskubideak urratzea, eta beraz, giza eskubideak urratzea egotzi dio Frantziari. Lehenago ere, subjektua Frantziaren ordez Espainia zenean, aipatu genuen estatuko komunikabide gehientsuenek ez zutela berria eman; ezta aipatu ere.
Gaurkoan ere, halaxe izan da.
Berria.info-k eman du berria, aurrekoan egin bezala. El Mundo eta El País-ek, aurrekoan bezala hauek ere, ez dute aipatu ere egin.
Informazio objektiboa ematetik oso urrun, bakoitzak nahi duena argitaratzen duela adierazten duen adibidea dela uste dugu.

miércoles, 26 de noviembre de 2008

Ezertarako balio ez duen irudia



Lapurra omen. Alicanten ustez banku batean lapurreta egin asmo zuen irudiko gizonak, baina Polizia agertu eta tiroka hil zuen. Ustezko beste lapur bat eta polizia bat ere zauritu ziren.

Irudia El Mundo egunkariaren agerkari digilalekoa da, asteazken arratsaldekoa. Lapurra omen dela eta guztia libre ote? Polizia izan balitz hildakoa jarriko al zuten irudi hori? Edo politikari bat erahil bazuten?

domingo, 23 de noviembre de 2008

Gauza onak ere esaten ditugu


Joan den larunbatean Iparraldeko Bertsulari Xapelketaren finala ospatu zen Donibane Lohitzunen. Lehen aldiz egin da Iparraldean bertsolari txapelketa, eta egia esan harrera ona izan zuen. Hedabide ugari inguratu ziren bertara, finalaren nondik norakoak emateko.

Hitzetik hortzeran nola ez, Bertsulari Txapelketa izan dute hizpide; eta Amets Arzallus txapeldunari egin diote elkarrizketa. Saioaren gaineko gorabeheren gainean hitz egin dute -hemen jarriko ez ditugunak-; baina Ametsek aipamen berezia egin du hedabide frantsesen gainean. Txapela irabazi ostean, Bordeleko egunkari batek elkarrizketa bat egiteko deitu baitzion, bere harridurarako.

Badirudi bertsolaritzaren mugak hausten ari direla, azken urteotan erdarazko hedabideek garrantzia eman baitiote Euskal Herrian hain errotua dagoen fenomeno honi. Bitxia eta erakargarria egiten zaie, bertsoak inprobisatuak baitira.

Ea bertsolaritzaren exotikotasunak euskara normalizatzeko baliagarria den. Azkenik, goraipatzekoa da komunikabide erdaldunek erakutsi duten interesa, azken batean gure hizkuntza zabaltzeko bide egokia izan daiteke.

Eskualdeko hedabideak

Eskualdeko egunkarien funtzioa, eskualdeko bizilagunetara hurbiltzea dela ikasi dugu. Beraz, eskualdeko egunkari batetara jotzen dugunean, erkidego autonomo batekora, esate baterako, pentsatuko dugu bertako berriei garrantzia handiagoa emango zaiela, beste erkidegoetakoei baino.
Hori dela eta, harritu egin gaitu
Iruñean egin den manifestazioari Diario de Navarrak egin dion tarteak. Manifestazioan, Nafarroan euskaraz bizitzea bermatuko duen ofizialtasuna eskatu dute.
Berria.info-n azaleko titulu handienetarikoa eman dieten bitartean, Diario de Navarran zutabe txiki bat eman diote, eta azalean aipamen txikienik ere ez zaio egiten. Patxi Lopezen adierazpenei dagokion albistea, bestalde, azalean ageri da.
Aipatzekoa da, baita ere,
El País eta El Mundok ez dutela aipamen txikienik ere egin gaiaren inguruan.

Honelako kasuetan igartzen da, hedabideek eta alderdi politikoekin dituzten berdintasunak.

Sinistekoa al da?


Kazetaritzako arau garrantzitsuenaren aburuz, albiste batean iturriak aipatu behar dira. Hartzaileari benetazko datuak helarazteko eta berria benetakoa dela arrazoitzeko, besteak beste. Baina egunkari eta hedabide guztiek betetzen al dute arau hau?

Ezetz esango genuke, izan ere, estatuko egunkari garrantzitsuenek ere ez baitute araua betetzen; eta are gutxiago politikari dagokion berria bada. Horixe egin du beste behin
ABC egunkariak. Txeroki etakidea aste honetan atxilotu dute Frantzian, horregatik ETAren inguruko albiste, iritzi artikulu edota editorial ugari idatzi dira egunkari ezberdinetan. Harrigarriena ordea, ABC egunkaritik iritsi zaigu, izan ere, ETAren barne-eztabaida eta egituraren gainean dihardute, hori bai, iturriak aipatu ere egin gabe. "Los expertos" da euren iturri erabat segurua adierazteko erabili duten esamoldea, guztiz orokorra eta zehaztu gabea.

Sinistekoa izan al liteke hortaz albiste hau?

jueves, 20 de noviembre de 2008

Kontu berdinari bueltaka


Aurreko batean eman genuen berri COPE irratiari Katalunian lizentzia batzuk kendu egin dizkiotela.


Ohikoa duenez, erabakia hartu duten erakundeetako arduradunen aurkako astakeriak esaten dabil azkenaldian Federico Jimenez Losantos. COPEk Katalunian bizi duen egoera bere garaian judutarrek Alemanian bizi izan zuenarekin konparatu du Losantosek.


Ezagunak dira martxoaren 11ko atentatuen inguruan eta PPren Kongresuaren inguruan kazetari horrek egindakoak. Auzitan ere izan da, baina ez dirudi eskarmentu handirik jaso duenik.

Komeni zaienean bai


Puntako albistea da gaurkoan Euskal Herriko egunkarietan Veleian (Araba) ustez aurkitutako euskarazko hitzen kontua iruzurra izan dela.


Madrilgo ABC egunkariak ere kaleratu du albistea. Bereziki deigarria da aurkikuntza egin zuten garaian --2006ko ekainaren 9ko egunkarietan ikus daitezke berriak-- ez zuen egunkari espainiarrak informaziorik kaleratu. Iruzurra izan dela jakitean, bai.


Askotan egiten dute hori hedabideek. Atxiloketaren bat dagoenean garrantzi handiko bihurtzen da hori; errugabe jo eta kalean uzten dituztenean, berriz, ez dute aipatu ere egiten edo oso labur ematen dute.

domingo, 16 de noviembre de 2008

Hedabideek manipulatu egiten dute


Frantziako Terrorismoaren Aurkako fiskal burua den Jean-Claude Marinek, Batasuna eta ETA lotuko dituen froga zehatzik ez dagoela adierazi du. Ez du baztertu, etorkizunean lotura baieztatuko duen frogaren bat aurkitzea. Halaxe argitaratu du Berriak gaur.
Blog honetan lehenago ere azpimarratu izan dugun moduan, Espainiako hedabide nagusiak diren
El Mundo eta El Paísek ez dute berria eman.

Frantziako Gobernuak ETAren inguruan egiten duen edozer dela ere, El Mundo eta El País-ek leku garrantzitsua eman ohi diote, baina Espainiak lehenago eginiko zerbaiti kontraesanik egiten badio, ez dute berria argitaratzen. Edo hori ikusi ahal izan dut hedabideak aztertzen nabilenetik.
Honek erakusten digu hedabideak informazioa manipulatu egiten dutela. Bakoitzak interesatzen zaiona bakarrik argitaratzen du. Baina kontua da, albiste bat ez argitaratzea erabakitzen duena gehien saltzen dena baldin bada, jende gehiegi geratzen dela informatu gabe.

Itxura mantenduz beti ere


Hedabideak desberdinak eta anitzak dira, hala ere, taldeetan biltzen dira. Talde bakoitzak bere ideologia du, baina askotan mozorrotu egiten direla esan daiteke. Vocento taldean esaterako, kasu hau gertatu da: talde bereko egunkariek, ABC eta El Diario Vascok, titular erabat desberdinak ipini baitituzte gai berdinaren gainean.
Biak ala biak guztiz desberdinak dira, eta egia esan, ez dirudi talde bereko egunkarietan argitaratu direnik. Hedabide guztiek ordea, beren itxura mantendu behar izaten dute, eta horixe egin du kasu honetan Diario Vascok. Gipuzkoako egunkari salduenak nola ipini lezake ABCk jarritako idazpurua? Ezinezkoa da hori; oso ongi baitakite honelako gauzak ezarriz gero gipuzkoar asko eta askok ez luketela egunkari euskaldun hau gehiago erosiko.

Interesen arabera osatzen dira albisteak, beti ere, publiko jakin bat ez galtzeko helburuarekin. Badakite zein mozorro jantzi, gero arazoetan sar ez daitezen.

Alferrikako datuak


El Diario Vascoren gaurko edizioko albisteak bazekarren bitxikeririk gure aburuz. Madrilgo dikoteka bateko atzezainek gazte batekin izandako liskarra azaltzen zuen albisteak, hemezortzi urteko gaztearen heriotza ekarri zuen borroka hain zuzen.

Baina gure harridurarako, alferrikako datua aipatzen zuten bertan: Alvaro Ussía Caballero hemezortzi urteko gaztea Alfonso Ussía idazle eta kazetariaren iloba zen; ez edozein gazte hortaz.

Ez dugu Alfonso Ussía idazle eta kazetaria gutxietsi nahi, baina ezin ukatu datu hau gehituta sentsazionalismo kutsu nabarmena hartzen duela albisteak. Gertaerak berak gehigarririk gabe badu garrantzia, horren emaitza garbia izan da albisteak egun hauetan izan duen oihartzuna; hortaz zertarako egin honelako loturak? Beste gazte bati berdina gertatuz gero, eta kazetari garrantzitsu baten senidea ez bada garrantzi txikiagoa izango al luke?

Kazetaritza ikasten hasi ginenean, joan den urtean hain zuzen, honelako datuak ezin zirela aipatu esaten ziguten, garrantzia gertaerak duelako.

viernes, 14 de noviembre de 2008

Zergatik zapuztu esklusiba bat?

La Razón egunkaria, ETAren azken komunikatuaren egilea zein den deskubritu duela, eta harro agertu zen azaroaren 11ko edizioan.
Komunikatua Goierriko euskaran idatzia zegoela, eta euskalkiak adineko jendeak bakarrik hitz egiten dituenez gero, Juan Cruz Maiztegi Bengoa oñatiarrak idatzia behar zuela adierazi zuen. Honelako aurkikuntza bat esku artean, eta euskalkia ikertu zuen aditua ez zen ohartu Oñati ez dagoela Goierrin, eta Oñatiko hizkera ez dela Goierrikoa.
Halaxe salatu zuen Garak azaroaren 12ko edizioan.

Halako salaketa larriekin, arinkeriak alde batera utzi beharko liratekeela uste dugu. Ez baita zuzena, egia ez den informazioarekin albiste objektibo bat idaztea, eta hare gutxiago, irakurleek gezurra dela hautemateko aukerarik ez izanda.

miércoles, 12 de noviembre de 2008

Lan egiteagatik auzipetuta


Gara egunkariko Asier Velez de Mendizabal kazetaria eta Argazki Press agentziako Lander Fernandez de Arroyabe argazkilaria auzipetu egin dituzte, EAE-ANVren legez kanporatzearen aurka egindako manifestazio bat betetzeagatik.


Epailearen autoak dio bi kazetariak manifestariak zirela, eta erabat ahazten du beren lanbidea dela eta zeudela han.


Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak eta Berria egunkariko langileek, esaterako, elkartasuna adierazi diete auzipetuei, eta bihoakie hemendik ere gure elkartasuna.




domingo, 9 de noviembre de 2008

Objektibotasunaz


Venezuelako Estatuko Telebista (VTV), objektibotasun faltagatik ikertua izaten ari da. El Mundoren edizio digitaleko albistearen arabera, hauteskunde kanpainan izandako informazio desoreka bategatik hasi da ikerketa. Antza denez, VTV kateak ez zituen hautagaiak berdin tratatu, alegia, alderdi batek garrantzi handiagoa izan zuen aipatutako telebistan.

Egia esan, ez da ideia txarra honelako ikerketak aurrera eramatea, hedabideetan ikaragarriak entzuten baititugu askotan; eta zeharka bada ere, egia desitxuratzen digute. Batez ere, hateskunde kanpainetan.

Datozen hauteskundeetan begi zorrotzagoz ikertu beharko lirateke gure inguruko irrati, egunkari eta telebistak.

Hedabidetik hedabidera II

Aurreko idatziko konparaketekin jarraituz, gaurko eguneko beste albiste bat hartuko dugu.
El Mundok eta El Paísek, ustez Segiko arduradunetako batek idatziriko dokumentu bati egiten diote erreferentzia. Dokumentu horretan, Segiko kideek bizi duten pasotismoaz hitz egiten da. Drogen kontsumoa omen da pasotismo horren eragilea. Bi egunkariek, ETAk orain urte batzuk droga kontsumoaren aurka eginiko ekintzak aipatzen ditu, oraingo egoerarekin alderatzeko asmotan.
Deian, bestalde, honako titulu hau ikus daiteke: El PNV dice que cuenta con "información sobre la posibilidad de que ETA atente contra sus militantes".
Ez al da deigarria, subjektu beraren ingurukoak diren, baina hain zerikusi txikia duten bi albiste egun berean argitaratzea?
Eta are garrantzitsuagoa, ez al da arraroa, aipatutako hedabideek, bi informaziotako bat aipatu ere ez egitea?

Hedabidetik hedabidera


Azaroaren bederatzia den egun honetan, igandean, hedabide desberdinen edizio digitaletan begira nenbilela, hedabidetik hedabidera, albiste bati ematen zaion, edo kentzen zaion garrantzia deigarria iruditu zait.
El País, El Mundo edo periodistadigitalen orrietan, guztiz bat datoz gaurko egunak eman duen berririk garrantzitsuena Afganistanen hil diren bi militar espainolei dagokiena dela.
Deia eta Gararen atarietara joanda, ordea, guztiz bestelako planteamendua ikusi ahal izan dut albisteei begira.
Deian,
Lokarrik deituriko kontsultari dagokio albiste nagusia. Afganistango hilketei dagokienari, eta euskaldunek gehien edaten dituzten edariak zerbeza eta ardoa direla dioen albisteari, tarte bera egin die.
Garak, berriz, bi militarren hilketari, ez dio tarterik egin hasierako orrian.

sábado, 8 de noviembre de 2008

Irratien lizentziak

Asaldatu dira Espainiako Vocento eta COPE taldeak. Kataluniako Gobernuak lizentzia batzuk kendu egin dizkie eta bertako irratiei eman. Periodista digital web-gunean ere larri dabiltza, eta horrelakoak Gobernuaren "menpeko" ez direnei gertatzen zaizkiela diote.

"Una estrategia ya conocida", diote, gainera. Euskal Herrian ongi asko ezagutzen ditugu bai horrelakoak. Iruñean euskaraz emititzen den irrati bakarrak, Euskalerria irratiak, urteak daramatza lizentziarik gabe, Nafarroako Gobernua tematuta dagoelako.

miércoles, 5 de noviembre de 2008

Batzuk beti aurretik


Aurreko ostiralean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zilbor-hesteko odolaren bankua sortu duela iragartzeko prentsaurrekoa eman zuen, eta bertara joatea egokitu zitzaidan. Bankua zertan datzan eta zein helburu dituen azaldu zuen Gabriel Inclan Osasun sailburuak.


Ostiralean zen prentsaurrekoa, baina ostiral goizerako El Correo eta El Diario Vasco egunkariek emana zuten bankuaren berri. Alegia, Osasun Sailak filtratu egin zien informazioa. Noski, bertan ginen kazetarion hartan ez zen gustukoa izan hori, eta are gutxiago Inclan sailburuak adierazi zuenean, "besterik ezin eta", eskerrak ematen dizkiela egunkari horiei gaiaren inguruan agertu duten interesagatik.

domingo, 2 de noviembre de 2008

Krisiaren aurrean hedabide digitalak osasuntsuago

Krisiaren oihartzuna belarrietatik irten ere egiten ez zaigun honetan, hemen ere krisi hitza aipatu behar dugu. Izan ere, Kazetaritza Berriaren Nazioarteko III. Kongresuan hedabide digitalek krisia ondoen jasango dutela esan zuten. Egunkari idatziek publizitatetik lortzen dituzten diru-sarrerak beheraka doaz. Zenbait hedabide tradizionaletan gainera, publizitatea da diru-sarrera bakarra, hedabide pribatuen kasuan esaterako.

Gaur egun, hedabide gehienek, beren webguneak dituzte, eta hauetan beraien eskaintza handiagoa da. Berria dugu adibide egokia kasu honetarako. Webgunean bertan egunkariaren edizio digitalaz gain,bideoak ikus daitezke eta irakurleak berak parte hartze zuzena izan dezake, iritzia ematen edota elkarrizketa digitalerako galderak eginez esaterako.

Era horretan, hartzailea gertuago izaten da, eta batez ere, hartzailearen iritzia errazagoa da jakiten. Hitz batean, kazetaritza herrikoiago bat egiten da.







sábado, 1 de noviembre de 2008

Adi egonez gero, zuzen jokatuko dugu


SOS Arrazakeria erakundearen Mugak dokumentazio zentroak Komunikabideei eta Gutxiengoei Buruzko lehen jardunaldiak antolatu zituen Gasteizen. Jardunaldiok herenegun eta atzo egin ziren Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur-etxean, eta komunikabideek etorkinen gainean duten trataera aztertu zuten.

Berriak Mugak dokumentazio zentroko kide den Anaitze Agirreri egindako elkarrizketa kaleratu zuen aurreko ostegunean. Bere hitzetan, "kaztetariak ez dira ari euren erantzukizuna betetzen inmigrazioari dagokionez", adibideren bat ere eman zuen "etorkin oldea" esaterako. Dena den, honelako esamoldeak kazetarien erantzukizuna bakarrik ez zela zioen elkarrizketan. Kazetariek azken batean, informazio iturriekin lan egiten baitute, eta iturri hauek erabiltzen dituzten hitzak erabiliz gero gertatzen dira honelakoak.

Hortaz, argi ibili beharra daukagu egunero gure eskuerara iristen den informazioarekin, eta ahal dela, hitz egokiak erabilita osatu edo berridatzi albistea. Bestela, etorkinen gaineko uste okerrak zabal ditzakegu gure gizartean, eta honelako uste ustelek zuzenean eragiten diete beraei.