lunes, 29 de diciembre de 2008

Zifrak eta zifrak

Rouco Varela gotzainak Madrilgo Colón plazan emandako mezara zenbat jende joan zen? Ehundaka, milaka, edo ia milioi bat inguratu zirela argitaratu dute egunkariek. Batzuentzat mundu osoa egongo litzateke bertan, eta beste batzuentzat aldiz, ez zen hainbesterainokoa izango.

Hala ere, inork ez du zifra zehatzik eman. Eta honek ez du esan nahi zenbaki jakin bat aipatu behar zutenik; aitzitik, meza entzutera joandako kopurutik gertu dagoena jarri beharko lukete. Dena den, interesen araberako kopuruak ematen dituzte beti, eta ez da harritzekoa aldeak egotea. Jarraian doakizue egunkari batzuek emandako kopuruak:
Aipatutako zifra hauek antzekoa izan arren, El País egunkarian bestelako irakurketa bat aurkitu dugu. Bertan esaten dutenez, beraiek egindako kalkuluen arabera 2007an 158.000 pertsona inguru joan ziren ekitaldi honetara, eta aurten berriz, 100.000 pertsona baino gutxiago. Kopuru hauek ez dira antolakuntzak emanikoak, azken hauek milioi bat gerturatu zirela azpimarratzen baitzuten.

Batzuetako gipuzkoartasuna...

Emakumeen aurkako indarkeriak astindu du gaurkoan Gipuzkoa. Ustez bikotekideak hil du emakume bat Errenterian, labankadaz.

Euskal Herriko hedabideetako agerkari digitalek bildu dute albistea; Berrian albiste nagusia da (albiste potoloenei dagokien gisako leku berezia eman diote), baita Garan ere. Diario Vasco-n, ostera, haren gainetik daude hainbat albiste: aurrekontuak, Gazako erasoak, Donostiako Udalak kontrolatu egingo dituela urte bukaerako suziriak, eta Montxo Garcia izango dela Donostiako inauterietako Momoa.

Biharko egunkarian tinta eta tinta botako du DV-k, apustu ziurra da hori esatea. Kontua da zer kontatuko duen, eta garrantzia eman behar zaionari eta zaionean zer egiten duen.

domingo, 28 de diciembre de 2008

Hedabideak deslegitimatzeaz

Hedabideen artean konpetentzia dagoela jakinekoa dugu dagoenekoz. Guztiek nahi dute ahal den irakurle gehien bereganatzea, eta guztiz zentzuzkoa da, gainera. Baina hortik, hedabide bat deslegitimatzera, salto haunditxoa dagoela uste dugu.
Gaurkoan, Espainiako gartzeletako funtzionarioek eskura omen daukaten esku-liburu baten harira, El Mundok honako titularra eman du: Un manual confidencial ordena vigilar a presos musulmanes que lean el Gara. Sekretuan gorde beharreko manuala baldin bazen ere, atera da lau haizeetara. Baina kontua ez da hori, kontua da, manual horretan agertzen omen diren gomendio edo agindu asko aipatzen dituela gaur aipatu egunkariak, baina tituluan jarri eta azpimarratu beharrekotzat, Gararen deslegitimazioa aukeratu dutela.
Horretan gaude berriz ere, komeni zaiguna azpimarratuko dugu, eta komeni ez zaiguna ez badugu aipatzen, ez da ezer gertatzen.

viernes, 26 de diciembre de 2008

Libre, baina etakide

Urtea amaitzear den honetan, bateko eta besteko datu, emaitza eta balantzeak izaten dira nagusi. Zenbaki dantza horretan, badaude garrantzi handiagokoak eta txikiagokoak; eta badaude zenbaki mordoaren azpian maltzurkeriaz jokatzen dutenak ere.

Honela zioen abenduaren 26an El Correo-ren agerkari digitalak: La Audiencia Nacional ha juzgado a 81 etarras en 2008 y ha absuelto a 21 . Irudi du batzuk, epaiketan errugabe jo arren, etakide izaten jarraituko dutela beti, hedabideek "epaitu" egiten dituztelako.

martes, 23 de diciembre de 2008

Albisteen lehentasunari buruz


Gaurko egunez, Donostian elkarretaratze bat egin dute terrorismoaren biktimek eta zenbait ordezkari politikok "Por un 2009 sin amenaza de ETA" lemapean.

Komunikabideetan, ordea, ez du oihartzun handiegirik izan, ez oraindik behintzat. Gaueko hamabiak diren honetan, El País-ek soilik eman du albistea. Ez berria.info-n, ez Gararen interneteko atarian, eta ezta El Mundorenean ere ez da azaldu.


Garan aipamenik egin ez izanak, ez digu aparteko harridurarik eragin, baina bestela izan da El Mundo eta Berriaren kasuan. El Mundo-k ETAren "inguruaren" aldeko ekintzak ez, baina kontrakoak azpimarratzeko joera nabarmena daukalako, eta Berria, alde guztietako berriak argitaratzen dituen bakarrenetakoa dela uste dugulako.


Biharko egunak esango du, ea benetan muzin egin dioten berria argitaratzeari, ala biharko utzi al duten.

lunes, 22 de diciembre de 2008

Titular harrigarriak


Egunetik egunera gehiago harritzen gaituzte ABC egunkariak argitaratzen dituen titularrekin, baina onartu beharra dugu, gaurkoarekin zur eta lur utzi gaituztela. Honakoa zioen beraz, ABCren idazpuruak: "ETA, desesparada, alardea de diez fichajes que ya tenia en plantilla"

Albiste politikoa beharrean futbolaren gaineko azken berria dirudi aipatutakoak. Burua altxa ezinik dabilen talde baten gisan ipini dute erakundea, albisteari bere seriotasuna kentzen diotela.

Ariketa erraz bat jarriko dizuegu jarraian. Irakurri ditzazue Berrian, Garan eta La Razón
egunkarietan argitaratutako albisteak. Harrigarria dirudien arren, hiru egunkariotan berri berdinak trataera antzekoa du.

Besterik ez, aste ona igaro!

Krisi bikoitza

Prentsa idatziak azken urteetan zuen egiturazko krisiari ekonomi krisia gehitu zaio orain. Ondorioak ezin latzagoak: 3.000 kazetarik baino gehiagok eman behar izan dute izena INEMen bulegoetan. Hurrengo hilabeteetarako ere aurreikuspenak ez dira batere itxaropentsuak.

Kazetaria ondo bizi dela esan ohi da kanpotik. "Lan erraza da: leku batera joan eta zer dagoen kontatu!". Ez da esaten, ordea, lan-baldintzak eta soldatak ez direla egokienak (ordutegi arraroa, ordu asko sartu behar maiz, beti zer gertatuko zain egon behar...).

Esana zigun irakasle batek Unibertsitateko lehen egunetan: "Kazetari izanda ez zarete aberastuko; horretarako ikasi arkitektura edo ingeniaritza".

jueves, 18 de diciembre de 2008

Manipulazioa, berriz ere...

Aurreko idatziaren harira, Euskal Selekzioaren ingurukoaren harira, alegia, gauzatxo bat esatea ahaztu zaigu, manipulazio diskretoagoa erabili duen hedabide baten inguruan.
El País-ek albistea zuzen eman duela adierazi dugu, baina hadiago erreparatuz, manipulazio kutsu bat hauteman dugu. No hay Euskal Herria, no hay partido frente a Irán titulua jarri diote albisteari, eta bileran akordiorik ez zela lortu jakinarazi dute. Ahaztu zaie, ordea, jokalariak Euskal Selekzioa izenez jokatzeko prest zeudela esatea.
Euskadi Selekzioaren betidaniko izena Euskal Selekzioa izan delarik (aurreko urtean aldatu zuten arte), Euskal Herria izenaren eskaeraren arrazoia ulertu ezin dutenei, Euskal Selekzioa izena zentzuzkoa irudituko zitzaiela usteko zuten.
Manipulazioa, berriz ere.

Manipulazioa, noiz arte?

Hedabideen manipulazioa noiznahi izan dugu mintzagai atari honetan. Ez da kasualitatea, egunetik egunera adibide argiagoak aurki baititzakegu.
Gaur jakin dugu Euskal Selekzioa eta Iranen arteko partida ez dela jokatuko, eta noski, egunkarien edizio digitalek ahal bezain pronto argitaratu dute. Oro har, albistea era egokian eman dela iruditu zaigu, Berria, El País edo El Correok, esaterako, jokalariak eta EAEko federazioak akordio batera iristea ez dutela lortu, eta horregatik ez dela jokatuko argitu dute.
Abc-k, bestalde, hainbat albiste nahasi dituzte, gure uste apalean, lotura argirik ez dutenak.

ANV udaletatik kentzearen inguruko albistea, Euskal Selekzioari dagokiona eta musika talde bati kontzertu bat ematea eragotzi izana, nolabait elkarrekin joango balira bezala argitaratu baititu.

Horri manipulazioa deitzen zaio, manipulazio argi eta garbia. Zer zer ikusi dauka ANV udaletatik kentzeak Euskal Selekzioaren inguruan dagoen eztabaidarekin? Eta hare gehiago, zer zerikusi dute bi gai horiek, ETAren inguruarekin zerikusia duelakoan, Soziedad Alkoholika taldeari kontzertu bat ematea galarazi izanarekin? Albisteak hadi irakur itzazue, beren sareetan erortzerik nahi ez baduzue!

martes, 16 de diciembre de 2008

Geografiako eskola batzuk hartuko lituzkete

Eguna atxiloketa batzuen berriekin hasi dugu. Lau gazte atxilotu ditu Donostian eta Pasai San Pedron (Gipuzkoa) Guardia Zibilak, ETArekin zerikusia izatea leporatuta. Eguneko lehen orduetan puntako albiste izan da agerkari digitaletan, nahiz arratsalde-iluntze alderako beste albiste batzuek itzala egin dioten.

Horrelakoetan gustatzen zait niri Espainiako egunkarietako agerkariak ikustea, batik bat euskal herri izenak eta abizenak nola ematen dituzten ikusteko. Gaurkoan, ordea, ez nau harritu herri izenen idazkerak, geografiako klase batzuen faltak baizik. El Mundo-ren webgunean horrela zioen: La detención de estas cuatro personas, supuestas integrantes de un comando de información 'liberado' de la banda terrorista ETA, se produce apenas dos semanas después del asesinato en Azpeitia, una localidad guipuzcoana muy cercana a Pasajes, del empresario nacionalista Ignacio Uria, cuya empresa Altuna y Uria es adjudicataria de un tramo del futuro Tren de Alta Velocidad (TAV) del País Vasco, amenazado abiertamente por la banda terrorista, y que unirá las tres capitales vascas entre sí, además de con Madrid y París.

Pasaia eta Azpeitia gertu, gertu... Kontuak bata bestearekin lotu nahi direnean, ordea, ez dago hori ekidingo duen distantziarik!

lunes, 15 de diciembre de 2008

Hemen gertatuz gero...


Kazetari bat ospetsu egin zaigu Iraken; Estatu Batuetako presidenteari bere zapatak bota ostean. Antza denez, egon daitekeen umilaziorik handiena da zapata batzuen erasoa jasotzea. Guk ordea, galdera hau egiten dugu: norbaitek Zapaterori antzekorik eginez gero, heroi nazionala bilkatuko al litzateke? Ekintza ausarta balitz bezala hartuko lukete hedabideek?

Ezetz uste dugu. Dena den, ekintza honek argi erakusten du Bushek Iraken duen irudia.

domingo, 14 de diciembre de 2008

Oraingoan garrantzi gutxiago

Euskararen kontseiluak hamargarren urteurrena ospatzeko Barakaldoko BECen ospakizun berezia egin zuten atzo. Jendetza gerturatu zen bertara, Euskal Herriko edozein txokotatik. Oihartzun hau ordea ez dirudi hedabide guztiengana arrakastaz heldu denik. Beste behin ere, euskararen gaineko berriak ez dira berdin tratatu bertako (edo bertakotzat ditugun) egunkarietan.

Euskal Herrian argitaratzen diren egunkari guztiek aipamena egin arren, denek ez diote garrantzi bera eman. Garrantzi gutxiago eman diote
El Correo eta El Diario Vasco egunkariek, orrialdearen erdia batetzen zuen albistea argitaratu baitute. Berria eta Garak bitartean, hiru orrialde bete eskaini dizkiote jaialdiari.

Kilometroak bezalako egun jakinetan orrialde askoko eskainiko dizkiote euskarari, baina gure hizkuntzaren gainean egindako bestelako ospakizunei ez die hainbesterainoko garrantzirik ematen. Sinistekoa al da horrelakoetan euskararen aldekoak direla?


miércoles, 10 de diciembre de 2008

Komeni dena bakarrik esateaz

Astebete pasa da Inaxio Uria azpeitiarra hil zutenetik. Orduan, guztiok ikusi genuen egunkari guztiek, nola ematen zuten berria. Guztiek aipatu zuten Altuna Uria enpresa AHT eraikitzen parte hartuko duenetako bat dela, eta ETAk, Abiadura Handiko Trenagatik egin zuela. Askok, ordea, ETA ere AHTren aurka dagoela esan beharrean, AHTren aurka dagoen guztia ETA dela ulertarazi zuten.
Astebete beranduago, AHTren Aurkako Asanbladak, ETAri gatazka honetan eskurik ez sartzeko eskatu dio. Albiste hau, aurreko astean AHTren aurkako guztia ETA dela baieztatu zutenek, ez dute aipatu ere egin. Hauen artean ditugu, El Mundo, El País eta Abc egunkariak, besteak beste. Berriak eta Garak bakarrik eman dute albistea, Deiak ere ez du aipatu.

Datu zilegiak, eta ez hain zilegiak

Guztiok dakigu, ETAkide bat atxilotzean, Espainia osoa, orokorrean, hedabideetara begira jartzen dela. Baina datuak objektiboki ematetik urrun, hedabide batzuk atxilotua umilatzea dutela xede iruditzen zaigu askotan.
Lehengo idatzian aipatutako albistearen harira, azpititulua iruditu zaigu bereziki deigarria. Al proceder a cachearle, los agentes comprobaron que Aitzol Iriondo Yarza se había orinado encima. Zer zilegitasun du informazio horrek? Atxiloketa baten inguruko albistean, zergatik sartu du El Mundok informazio hau, azpitituluan hain zuzen?
Gure uste apalean, guztiz ulertzekoa da beldurrez itota dagoen pertsona bati gernua ateratzea, ETAkidea izan edo ez, beraz, ez zaigu zilegia iruditzen informazio hau, eta hare gutxiago, azpitituluan jarrita.

Informazioa, ondo eman beharrekoa

Espainia mailako tirada duten egunkariak noiz behinka, edo hobeto esanda, sarri xamar begiratzen ditugunok, ezberdintasun asko hautematen ditugu Euskal Herri mailako tirada dutenekiko. Nahiz eta, Euskal Herri mailan banatzen direnek ere, ezberdintasun handiak izan ohi dituzten.
Beno, baina ez da hori esan nahi duguna. Lizentziatura lehen urtean esanda bezala, kazetariak ez du iturriak esan gabekorik esan behar, edo hobeto esanda, ezin du iturriak esandako ezer esan gabe utzi, honek datu garrantzitsuren bat gordetzen badu.
El Mundok, atzoko edizioan, ustezko ETAkide bat atxilotu zutela
argitaratu zuen, baina, ustezkoa dela esatea ahaztu zitzaion. Iturria Rubalcaba izanik, eta telebistan ikusi genuen bezala, presunto hitza erabili zuelarik, esan gabe utzi beharko ez litzatekeen hitza dela uste dugu.

lunes, 8 de diciembre de 2008

Albisteen aukeraketa

Hedabide guztiek egunero gertatzen diren albisteen artetik batzuk aukeratu behar dituzte; eta gero garratziaren arabera sailkatu. Aukeraketa honek hartzaileengan eragin nabarmena dute, lurraldearen eta interesen arabera albiste batzuei garrantzi handiagoa ematen baitzaio, eta bestelako zenbait gertakizunen berririk ez da jakitera ematen.

Betiko albisteen berri soilik ez izateko komunikabide desberdinak irakurtzea gomendatzen dugu, ikuspuntu berriak ezagutuko ditugulako honela.




Begirune apur bat

Azpeitian izandako atentatuaren harira, asko hitz egin da azken egunotan. Hitzekin batera argazkiak ere erabili dira; eta irudi horietako batek harritu gintuen gehien. Diario Vascok Lemoizko zentral nuklearreko ingeniari nagusiaren argazki bat jarri zuen, ETAk hil baitzuen 1981an. Argazki horretan ordea, Jose Maria Ryan ingeniaria lurrean hilda agertzen zen.

Honelako irudiak plazaratzeko unean begirune apur bat izan behar dute hedabideek argazkiko pertsonaren senide eta lagunekiko. Hortaz, kazetariak besteak kontuan hartuz egin behar du lan, horretarako zenbait irudi esplizitu alde batera uztea litzateke egokiena.


Iturrien azkartasunaren inguruan

Orain arte ikusi eta konprobatu ahal izan dugunaren arabera, komunikabide handiek, abantailak dituzte iturriei dagokienez. Honela, beste edozeinek baino lehenago albisteak ematea ahalbidetzen diote.
Gaurkoan, ordea, Greziako istiluei dagokien albistean, ez dirudi hala gertatu denik. Berria.info-k, eguardirako eman du albistea, El País eta El Mundok, bestalde, eguardiko hiruak diren honetan, oraindik ez dute albistea eman.
Harritzekoa iruditu zaigu. Eta ezin izan dugu ekidin geure buruari galdetzea, ez ote dute oraindik gertaeraren berririk izan El País eta El Mundokoek? Ala bestelako arrazoiek bultzatuta ez dute albistea oraindik eman? Beraiek jakingo dute.

Pertsonak, pertsona direlako lehendabizi

Kazetaritza ikasten hasi garenetik, komunikabideetan lehen akatsak iruditzen ez zitzaizkigunak hatzemateko gaitasuna eskuratuz goaz.
Joan den urteko lehenengo klase haietatik, gauza bat ikasi dugu, pertsona, pertsona dela lehenengo, bere jatorria dena delakoa delarik.

Horregatik, akats larria iruditu zaigu El Mundo egunkariak, bere edizio digitalean gaur eginikoa.
Los marroquíes que presuntamente mataron al malí en Almería querían robarle la cartera, tituluan jarri du erasotzaileen jatorria, hau da, kazetari askok duten joera ikusi ahal izan dugu: beti ere, eta bada ezpada, azpimarratu erasotzailea, gaizkilea, ez dela hemen jaioa, ez dela zuria.

Lotsagarria, gure uste apalean, Espainian gehien saltzen den egunkarietako batek titulu horrekin albiste bat argitaratzea.

jueves, 4 de diciembre de 2008

Euskararen horma


Albiste txar batekin hasi genuen astea, Mikel Laboa abeslariaren heriotzarekin. Euskaraz diharduten hedabideetan leku nabaria izan du hilberriak; Berria egunkariak 12 orrialdeko gehigarria kaleratu zuen, Euskadi Irratiak bertan behera utzi zuen ohiko programazioa, eta saio guztiak ia osotasunean eskaini zizkion Laboa zenari...

Erdarazko egunkariek, ordea, ez diote aparteko lekurik eskaini euskal kantugintzan erreferente eta belaunaldien arteko zubi izan denari. Jose Luis Elorzak zioen, ETBko Firin Faran saioan, badagoela euskarazko eta gaztelaniazko hedabideetan halako horma bat euskal kulturaren inguruan.