jueves, 30 de octubre de 2008

Datuen nahasteak



ETAk bonba bat leherrarazi du gaur goizaldeko 11.10 inguruan Iruñan, Opus Deiren unibertsitatean, eraikin nagusiaren atzealdeko aparkalekuan. Lehergailu kopurua eta zauritu kopurua, Espainiako eta Euskal Herriko egunkarietan begiratzen jardun ondoren, ez zaizkigu garbi geratu.

El Mundo-k 21 zauritu izan direla argitaratu du, eta lehergailu kopuru zehatzik ez du aipatu.
El País-ek 28 zauritu aipatu ditu, eta 80-100 kilogramoko lehergailu bat zela esan.
El Diario Vasco-k 15 zauritu eta 100 kilogramoko lehergailua aipatu ditu.
Berriak 22 zauritu direla, eta leherketa handia izan dela argitaratu du.
EITB 2ko gaueko Teleberri saioan, ordea, 40 kilogramoko lehergailu bat aipatu da.

Datuak, guztiz objektiboak izanik, zehaztasun handiz erabili behar dira, gaizkiulerturik gerta ez dadin.

martes, 28 de octubre de 2008

Hedabideak politikarien aurka


Politikariak eta kazetariak. Batzuek eta besteek elkar elikatzen dute: politikariak behar duen informazioa eta hizpidea ematen dio kazetariari; kazetariak propaganda egin diezaioke. Batzuetan, ordea, hedabideen eta alderdi politikoen interesek harreman hori okertu dezakete.


Antzeko zerbait gertatu da Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eta El País egunkariaren artean. Galdeketaren Legea bozkatu zen aldian, Luis R. Aizpeolea kazetariak kaleratu zuen bozketaren inguruan ETAk su-eten txiki bat eman zuela, eta horren berri bazuela Ibarretxek. Jaurlaritzako buruak salaketa jarri zuen kazetariaren aurka, baina Madrilgo Lurralde Auzitegiak artxibatu egin du.


Hala ere, Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri du, eta, beraz, El País-en eta Ibarretxeren arteko ika-mikak aurrera jarraituko du.

lunes, 27 de octubre de 2008

Emakumeen aurkako indarkeriaren sekzioa


'Emakumea eta hedabideak' izeneko lehen kongresua ari dira egiten Valentzian. Kazetariak, soziologoak, abokatuak eta unibertsitateko irakasleak ari dira, besteak beste, hedabideetan emakumeen aurkako indarkeriak zer-nolako trataera duen aztertzen.

Egindako proposamenen artean dago gaiari buruzko sekzio bat sortzea egunkarietan. Valentziako Generalitateak egin du proposamena. Gaiaren inguruan espezializatutako kazetariek ekoitziko lituzkete orri horiek, ziurtatu dadin emakumeen aurkako indarkeriaz behar bezalako informazioa emango dela. 


domingo, 26 de octubre de 2008

Egia ezkutatzea ala gezurra?

Espainiako Gobernua Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeko kideen aurrean azalpenak ematen egon berri da joan den astean.
Espainiak torturaren erabileraren inguruan sortzen dituen kezkak direla eta eskatu dizkie azalpenak Giza Eskubideen Batzordeak, eta Espainiako ordezkarien azalpenak entzun ondoren, batzordeko kideek "kezka" agertu dute.

Jende askok, ordea, ez du
albiste honen berririk izango, ziurrenik.
Espainiako Gobernuak Nazioartean egiten dituen agerpenek, egunkarien lehen orriak betetzen ditu gehienean, baina aipatutako albistea,
Berria eta Gara egunkaritan ikusi ahal izan dugu soilik.
Espainia mailako hedabideek, Nazioarteari dagozkien albisteei normalean lehentasun handiagoa ematen badie ere, ez dute berria aipatu ere egin.
Ez ote da hau, gobernuak hedabideetan duen eraginaren erakusgarri? Ez al da egia ezkutatzea, eta beraz, gezurra esatea? Deigarria iruditu zaigu guri.

Albisteak emateko moduaz


Espainiako hedabideek, ildo ideologiko ezberdinak dituztela, eta albisteak emateko orduan ildo hori nabarmentzen dela jabeturik gaude. Baina badira, gure ustez neutroak, edo neutroenetakoak diren hedabide batzuk ere. Berria egunkaria dugu adibidetako bat.
Horregatik, hain zuzen, harritu gintuen, joan den igandean, urriaren 19an, Lasa eta Zabala oroitzeko martxaren inguruko albistea eman zuen moduak.

Azalean, Garzonen aginduz Ertzainak martxa gelditu zuela jartzen bazuen ere, albistea garatzen zen orrialdean, berau emateko modua pixka bat aldatzen zen.
Lehen paragrafoan, honako esaldi hau irakur zitekeen:“Lasa eta Zabalaren argazkiak [...] eta gerra zikinaren biktimen omenezko leloak. [...] Nahikoa, baina, Ertzaintzaren irudiko, [...] herritarrek egin asmo zuten ekitaldia indarrez [...] eragozteko.” Garzon epaileari dagokionez, aipamenik txikienik ere ez.
Baina bazen, albiste bertan beste esaldi aipagarri bat ere. Liskarrak noiz amaitu ziren azaltzerakoan, honako esaldi honekin egin genuen topo: “20:00etan amaitutzat eman zuen bere lana Ertzaintzak”.
Albiste honek, dagoen bezala idatzita, ez gintuzke harrituko Gara egunkarian azaldu izan balitz, baina Berriaren kasuan, atentzioa deitu zigun.

Aipatu beharreko aldaketak

Urriaren 25an, gauerdian Berrizen (Bizkaia) izandako erasoaren gaineko albistea dugu aipagai gaurkoan. Izan ere, Diario Vascok ETAren atentatutzat hartu zuen ekintza eta honelako titularra ezarri zion: "Una bomba de ETA destroza la estación de Euskotren de Berriz, sin causar heridos". Itxuraz ez du ezer arrarorik albisteak, ez noski, benetan horrela izan balitz. Izan ere, gainerako komunikabide gehienetan ez zuten ETA erasoaren egiletzat hartzen; aitzitik, kale erasoa izan zela nabarmentzen zuten.

Aipatu gabe ezin utzi gainera, gaur Diario Vascoren paperezko edizioan irakur daitekeena:
"Los partidos condenan los ataques de kale borroka en Vizcaya y Alava"

Egunkari guztiek euren ildo ideologikoa dute, baina onartezina da egun batetik bestera egilea aldatu eta ezer gertatu ez balitz bezala jokatzea. Azken orduko albisteak azkar eta presaz idazten dira; eta denbora igaro ahala hipotesiak alda daitezkeen arren, ezinbestekoa da aldaketak aipatzea.


viernes, 24 de octubre de 2008

Estrategia ona, sexista hutsa ordea


Ez datorkigu albiste ederra Italiatik; hango L' Unità egunkariak ondoan dugun argazki hau erabili baitu egunkariaren formatu berria iragartzeko. El Mundoren edizio digitaleko albistearen arabera, 1924.urtean sortutako kazetaren tamaina erdira murriztuko dute; eta nola ez, egunkaria zein eramangarria den erakusteko zer hobeto, minigona estuz jantzitako emakume baten atzealdea agertzen den argazkia ezta?

L' Unità-n zuzendaritzan aldaketak eman ziren, eta ordutik aurrera Concita De Gregorio dago zuzendari. Beronen iritziz, iragarkiak egunkariak ondoan dugun argazki hori erabili du egunkariaren formatu berria iragartzeko, eta
"ezin hobeto" erakusten du kazetaren egungo egoera. "Orain emakume baten buru eta gorputzak gidatzen du L' Unità; kasu honetan beraz, bidezkoa iruditzen zait emakumearen irudia erabiltzea".

Gure aldetik ordea, ezin esan dezakegu irudia ongi erabilia dagoenik. Badakigu gehiago saltzeko estrategia ezinhobea dela; eta nola ez, badakigu argazki honen bitartez, eztabaida sortu eta irakurle berriak gerturatu zaizkiela, formatu berria ikusteko irrikaz edo irrika gabe daudenak.

Publizitatea egiteko milaka bide daude, baina bide guztien artean egokiena aurkitzea komenigarria litzateke.




martes, 21 de octubre de 2008

Tristea izan arren...

Pekinen gaineko albisteek ez dute etenik oraindik. Olinpiar Jokoak gerturatzen ari zirenean Txinan ematen diren giza eskubideen urraketen gaineko berri zabala izan genuen bezalaxe, hauek amaitzean ere badator zeresana aipatutako herrialdetik. Beijineko Gobernuak hainbat lege eraldatu zituen Olinpiar Jokoen atarian, baina aldaketa hauei iritsi zaie iruangitze data.

Joan den asteburuan El Mundoren edizio digitalean argitaratutako albistearen arabera, Txinako Gobernuak prentsa askatasunaren gaineko araudiak bere horretan jarraituko du. Hortaz, bertan aurkitzen diren kazetari atzerritarrek inolako baimen berezirik gabe bidaiatu ahal izango dute lurralde txinatarretik.

Kazetari txinatarrentzat ordea, ez dago horrelako luxurik; aurrerapen teknologikoen herrialdean bizi arren.

XXI.mendean, oraindik ere, funtsezko eskubide asko urraturik jarraitzen dute.

Txikikeriak izanik ere, akatsak

Berria egunkariak interneten duen BERRIA.INFO izeneko atarian topatu genuen hemen aipatuko dugun albistea.
325 kiloko hegalaburrari buruzko albisteagatik ari gara. Lehen begiratuan, albisteak ez zuen ezer berezirik, baina arretaz irakurriz gero, txikikeriak, baina era berean komunikabideetan onartezinak diren akatsak ikusi ahal izan genituen.

Hitz batzuk jan zituen kazetariak: 325 hegalaburra saldu dut gaur[...], [...]buruek eman diote horren BERRIA.INFOri[...]. Edozeini gerta dakizkiokeen arren, idatzi ondoren errepaso batekin saihestu ahal diren akatsak dira.

Badakigu egunkarien edizio digitaletan ahal den azkarren argitaratu behar izaten dela, eta kosziente gara baita ere, atzo goizean Berria izan zela albiste hau argitaratzen lehena.
Hala ere, akats horiek saihestea hain erreza izanik, errepaso txiki bat ematea gomendatuko genioke kazetariari, horrelakorik errepika ez dadin.

viernes, 17 de octubre de 2008

Kasualitatea ote?

Akatsak bata bestearen ondoan jarri eta akats handi bat osatzea. Kasualitatea edo nahita egindakoa? Asteazkeneko La Sexta kateko albistegietan Mariano Raxoi PPko presidentearen irudi batek "ihes" egin zien, eta ez bereziki momenturik egokienean. Hain zuzen, "pailazo" bati buruz hitz egiten ari zirela. Ikusi bideoa hemen.

Kateak akatsa izan zela dio. PPk, aldiz, "manipulazio politikoa". Hedabide batzuek ere bat egin dute PPren tesiarekin. ABC-k, esaterako, honakoa zioen ostiraleko edizioan: La Sexta aprovecha el «error» con la imagen de Rajoy para ironizar sobre su liderazgo.


Kasualitatea edo nahita egindakoa ote?

miércoles, 15 de octubre de 2008

Hitzen norabidea


Kazetaritzako hizkerak zehatza behar du izan. Hitz bakoitzak bere esanahi jakina du. Hortaz, hitzak aukeratzeko orduan tentuz ibili behar dute kazetariek, hitz bat edo beste jartzeak esan nahi dugunaren norabidea alda dezake eta.

Iurretako (Bizkaia) PSE-EEren zinegotzi batek bere bizkartzainetako bati iragan urriaren 12an ustez egindako eraso baten berri emateko hitz desberdinak aukeratzeak aldatu egiten du albistearen mezua. Berria egunkariak, urriaren 15eko edizio digitalean, honakoa zioen: PSE-EEk udal taldetik bidali du bizkartzainari sexu eraso egitea egotzi dioten Iurretako zinegotzia. Horren berri emateko hitz bat aldatu zuen, ordea, Libertad Digital web-gune espainiarrak: PSEk kanporatu egin du bere bizkartzaina musukatzen saiatu zen zinegotzia. Badago aldea, badagoenez, sexu eraso edo muxukatu esan!

Albisteen interpretazioa



Egunkarien ildo editorial desberdinak aldeak sortzen ditu batzuen eta besteen informazioen artean. Gertaera edo adierazpen berberak oinarri izanik ere, badira alde nabarmenak batzuen eta besteen artean. Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak egindako adierazpen batzuen inguruan informazio arras desberdina kaleratu zuten hedabideek. Honatx batzuk:














Urkulluri berari ere arreta deitu zion titularren arteko alde horrek, eta blogean azaldu zuen bere harridura, Ez utzi errealitateak titular on bat honda diezazun izeneko idazkian. Ekitaldi hartan egindako adierazpen guztiak ere eskuragarri ditu edonork.


lunes, 13 de octubre de 2008

Kazetaritzaren etikaz


Kazetaritzan badira tentuz eta sentsazionalismora jo gabe kontatu beharreko gaiak: emakumeen aurkako indarkeria, bortxaketak, suizidioa... Informazioa eman bai, baina inolako garrantzirik ez duten eta sentsazionalismoa sustatu baizik egiten ez duten datuak bazter utzi behar dira.

Ez zuen halakorik erabaki Noticias de Gipuzkoa egunkariak, ekainaren 14ko alean, behinik behin. Tolosan (Gipuzkoa) gizon batek bere buruari su eman ziola azaleko argazkian kontatu zuen egunkariak, eta informazioari garrantzirik gabeko datuak gehitu zizkion, eszenaren lekuko izan ziren lagunen testigantzak tartekatuta. Perla bikainak!



Lekuko batek kontatu zuenez, Matias S.S. gisa identifikatutako biktimak "plaza zeharkatu zuen errepidera iritsi arte ontzi bat eskuan zuela, han geratu egin zen, disolbatzailea bota zion bere buruari eta metxero batekin su eman zion".



"Hori bezain beltza zegoen", zioen gertaeren lekuko izandako emakume batek, alde zaharreko horma ilun bat seinalatuz.



sábado, 11 de octubre de 2008

Pixka bat es mucho?


Joan den igandean, Noticias de Gipuzkoaren editorialak, PSE-EEren euskararen inguruko idatzia hartu zuen ardatz. Bertan, kritika gogorrak egiten zizkion partidu sozialistari, hala nola, euskaraz hauteskundeen atarian ginelako gogoratu zela, urteetan beronen alde ezer egin ez zuen bitartean.

Paradoxikoa da ordea, izan ere, aipatutako egunkarian euskararen presentzia ez da handia, eta are txikiagoa izan zen editoriala argitaratu zuten egunean. Hala erantzun zuen irakurle batek, egunkari honetako "zuzendariari gutunak" sailean. Baliteke gaztelaniarekin hartzaile multzo handiago batengana iris daitekeela, baina galtzeko zorian dagoen hizkuntza batek ez al du bultzada handiagorik merezi? Ez al litzateke egokiagoa izango, euskarazko eta gaztelerazko artikuluak maila berean dituen egunkari elebiduna sortzea? Euskarak zenbat eta leku handiagoa hartu hedabideetan, geroz eta arnas handiagoa hartuko luke.

Euskararentzat behintzat, ez da sekula pixka bat asko izan.

jueves, 9 de octubre de 2008

Argudiorik ezean, irainak

Gauza jakina da telebista espektakulu bihurtua dugula, baita ustez eduki serioak hizpide direnean ere. Ezaguna izan zen irailaren 27an Telecinco kateko La Noria saioan Maria Antonia Iglesias eta Miguel Angel Rodriguez kazetariek izan zuten eztabaida –edo irain trukatzea–:

Hala ere, harrigarriago egin zaigu ETBko Kalaka saioan Joseba Arregi soziologo eta EHUko irakasleak egindako irain gogorra. PSE-EEren Euskara askatasunean manifestuaz eztabaidan, agindanez Arregiri ez zitzaizkion gustatu Ander Iturriotz soziologo eta EHUko irakaslearen argudioak, eta, halako batean, «[zure] ikasle gaixoak» erantzuna eman zion. Benetan lotsagarria unibertsitateko irakasle batek beste bati egindako iraina.

miércoles, 8 de octubre de 2008

Kazetaritza askearen inguruan




Gaur egun, komunikabide batzuek herritarrei albisteak argitaratzeko aukera ematen dien atariak dituzte interneten. Baina arriskuak izan ditzake.
Estatu Batuetan, CNN telebista kateak sarean duen“Report” izeneko atarian gertatu zena izan zen honelako atariak izan ditzaketen arriskuen adierazgarri.

Steve Jobs Apple-ko nagusia hil zela argitaratu zuen herritar batek, baina Jobs, pankreaseko minbizia izan arren, bizirik zegoen . Albiste honek Apple enpresari arazo asko ekarri zizkion, eta berehala kendu behar izan zuten interneteko ataritik.


Edozein herritar izan daiteke kazetari, baina arau xume batzuk ikasi beharko lituzke. Gezurra edo susmoak ezin dira egiatzat eman. Adierazpen askatasuna kontzeptu polita izan daiteke, baina beti ere, egian oinarrituta baldin bada.

martes, 7 de octubre de 2008

Kilometroak jaiaren berri



Urteroko legean, urriko lehenengo igandean ospatu zen Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen jaia. Iruran izandako jendetzarekin oso gustura agertu dira antolatzaileak, nahiz ez duten oraindik bildutako lagunen eta dirutzaren berri eman.

Urteroko jaiak bi hedabidetan izan duen lekuak arreta deitu digu. Diario Vasco egunkari gipuzkoarra batetik, eta Gara bestetik. Ustez, bakoitzaren ildo editoriala eta euskarari orain artean behinik behin eskaini izan dioten lekua kontuan izanda, pentsatzekoa da bigarrenak leku nabariagoa egingo ziola ekitaldiari. Ez da hala izan.

Astelehen honetako Diario Vasco-ren azaleko gai nagusia zen ikastolen jaia; horrez gainera, bost orri (euskaraz asko) eta editoriala eskaini zizkion. Gara-k, berriz, azaleko behekaldean eman zuen festaren berri, eta bi orri eskaini zizkion.

Ongi etorria izan bedi DVren euskararen aldeko hautua. Hala ere, ez ote da izango hauteskundeei begira PSE-EEk euskararen inguruko manifestuarekin ustez abiatu duen 'vasquismoaren' barruan kokatu beharrekoa?

lunes, 6 de octubre de 2008

Agurra

Kaixo bisitari!
Araitz, Garikoitz eta Nerearen atarira iritsi berri zara.
Hemen komunikabideei buruz arituko gara datozen lau hilabeteetan: albisteak emateko moduaz, albistegarritasunaz, bitxiak iruditzen zaizkigun kontuez...
Euskal Herriko zein Espainiako komunikabideak aztertuko ditugu, astean bost egunetan.