lunes, 5 de enero de 2009

Albiste bat, titulu ezberdinak


Gaurko egunez, Azpeitiko EAJ eta EAk zentsura mozioa sartu dute bertako EAE alderdiko alkatearen aurka. Inguruko hedabide guztiek eman dute albistea, esperotzekoa zen moduan.


Oro har, titulu objektiboak irakurri ditzakegu gaur hedabideen edizio digitaletan. Objektiboak guztiak, baina ia titulu guztiak berdinak dira, bat izan ezik. Berria-k, El Correo-k eta El Mundo-k, besteak beste, titulu ia berdinak eman dituzte, eta Gara izan da, tituluan informazio ezberdina erakutsi nahi izan diguna.


Gaur sartu dute EAJk eta EAk Azpeitiko alkatearen aurkako zentsura mozioa. Titulu hau, berriak eman du, eta gazteleraz, baina beretsuak dira lehen aipatutako egunkariek eman dituztenak ere.



Guztiek, EAJ eta EAren ekintza azpimarratu nahi izan dute, Garak, ordea, ekintzaren "biktimaren" ikuspegia ikusarazi nahi izan digu.

Begirune apur bat II

Zaharrak berri Gazan (Palestina): Israelek erasoan segitzen du, airez, lurrez eta itsasoz. Helburu, Hamas erakundearen milizianoak dituela esaten du, baina zibil asko ari da hiltzen. Gaur bertan Nazio Batuen Erakundearen (NBE) bi eskola bonbardatu du.

Lehena, gauean. Bigarrena, eguerdian, tankeen bidez. Aurreneko erasoan hiru lagun hil ditu -hiru gizonezko gazte, familia berekoak-, eta bigarrengoan 50. Euren etxetik ihes egindako ehunka palestinar zeuden, babesean.

Betiko leloa

Ostegun honetan hasiko da Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta EAJko kidearen aurkako epaiketa, Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusian, eta gaur Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko (GBB) presidenteak esan du bere alderdiak ez duela auzia salatzeko eta Ibarretxeren aldeko mobilizaziorik deituko. Jendea auzitegira "naturaltasunez" azalduko dela agertu du Egibarrek.

Iaz Ibarretxe auzitegira deklaratzera joan zenean, EAJk -eta EAk eta EBk; hirurek osatzen dute Jaurlaritza-, elkarretaratzea eta manifestazioa antolatu zituen.

lunes, 29 de diciembre de 2008

Zifrak eta zifrak

Rouco Varela gotzainak Madrilgo Colón plazan emandako mezara zenbat jende joan zen? Ehundaka, milaka, edo ia milioi bat inguratu zirela argitaratu dute egunkariek. Batzuentzat mundu osoa egongo litzateke bertan, eta beste batzuentzat aldiz, ez zen hainbesterainokoa izango.

Hala ere, inork ez du zifra zehatzik eman. Eta honek ez du esan nahi zenbaki jakin bat aipatu behar zutenik; aitzitik, meza entzutera joandako kopurutik gertu dagoena jarri beharko lukete. Dena den, interesen araberako kopuruak ematen dituzte beti, eta ez da harritzekoa aldeak egotea. Jarraian doakizue egunkari batzuek emandako kopuruak:
Aipatutako zifra hauek antzekoa izan arren, El País egunkarian bestelako irakurketa bat aurkitu dugu. Bertan esaten dutenez, beraiek egindako kalkuluen arabera 2007an 158.000 pertsona inguru joan ziren ekitaldi honetara, eta aurten berriz, 100.000 pertsona baino gutxiago. Kopuru hauek ez dira antolakuntzak emanikoak, azken hauek milioi bat gerturatu zirela azpimarratzen baitzuten.

Batzuetako gipuzkoartasuna...

Emakumeen aurkako indarkeriak astindu du gaurkoan Gipuzkoa. Ustez bikotekideak hil du emakume bat Errenterian, labankadaz.

Euskal Herriko hedabideetako agerkari digitalek bildu dute albistea; Berrian albiste nagusia da (albiste potoloenei dagokien gisako leku berezia eman diote), baita Garan ere. Diario Vasco-n, ostera, haren gainetik daude hainbat albiste: aurrekontuak, Gazako erasoak, Donostiako Udalak kontrolatu egingo dituela urte bukaerako suziriak, eta Montxo Garcia izango dela Donostiako inauterietako Momoa.

Biharko egunkarian tinta eta tinta botako du DV-k, apustu ziurra da hori esatea. Kontua da zer kontatuko duen, eta garrantzia eman behar zaionari eta zaionean zer egiten duen.

domingo, 28 de diciembre de 2008

Hedabideak deslegitimatzeaz

Hedabideen artean konpetentzia dagoela jakinekoa dugu dagoenekoz. Guztiek nahi dute ahal den irakurle gehien bereganatzea, eta guztiz zentzuzkoa da, gainera. Baina hortik, hedabide bat deslegitimatzera, salto haunditxoa dagoela uste dugu.
Gaurkoan, Espainiako gartzeletako funtzionarioek eskura omen daukaten esku-liburu baten harira, El Mundok honako titularra eman du: Un manual confidencial ordena vigilar a presos musulmanes que lean el Gara. Sekretuan gorde beharreko manuala baldin bazen ere, atera da lau haizeetara. Baina kontua ez da hori, kontua da, manual horretan agertzen omen diren gomendio edo agindu asko aipatzen dituela gaur aipatu egunkariak, baina tituluan jarri eta azpimarratu beharrekotzat, Gararen deslegitimazioa aukeratu dutela.
Horretan gaude berriz ere, komeni zaiguna azpimarratuko dugu, eta komeni ez zaiguna ez badugu aipatzen, ez da ezer gertatzen.

viernes, 26 de diciembre de 2008

Libre, baina etakide

Urtea amaitzear den honetan, bateko eta besteko datu, emaitza eta balantzeak izaten dira nagusi. Zenbaki dantza horretan, badaude garrantzi handiagokoak eta txikiagokoak; eta badaude zenbaki mordoaren azpian maltzurkeriaz jokatzen dutenak ere.

Honela zioen abenduaren 26an El Correo-ren agerkari digitalak: La Audiencia Nacional ha juzgado a 81 etarras en 2008 y ha absuelto a 21 . Irudi du batzuk, epaiketan errugabe jo arren, etakide izaten jarraituko dutela beti, hedabideek "epaitu" egiten dituztelako.